XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inoiz gertatu zait, hiztegiko definizioak egiten, frantsesezkoa hartu eta ezin itzuli, gaztelaniazkoa hartu eta ezin itzuli, ingelesekoa hartu eta askoz errezago eta itzulerrazago atera kontuak.

Jendea gehienetan ez da horretaz konturatzen edo ez da horretaz baliatzen.

Batez ere automatikoki egiten den irakaskuntza munduko itzulpen teknikoetan-eta nire ustez ez da egiten, eta pena da.

Hizkuntzalari batek baino gehiagok aitortu du bere hizkuntzan egiturak atzemateko eta aztertzeko itzulpenaz baliatu dela.

Zein da zentzu horretan zure esperientzia?

Inoiz edo behin gertatu zait eta egin dut horrelakorik baina, egia esan, ez dut esperientzia handirik horretan, ez.

Euskarara askoz gehiago itzultzen da euskaratik baino.

Horrek merezi al du analisi bat baino gehiago alde askotatik?

Egoera hori ez da gaurkoa, gainera.

Ez al duzu uste honek asko baldintzatzen duela euskal gramatikaren historia, euskararen analisia beste hizkuntzetatik abiatuta egiten zelako?

Gaur bertan zer eragin izan dezake horrek?

Hor gauza praktiko bat badago: udaletxeetan-eta sartu den mania hori, ezta?

Buruargia izateko, antza, erdalduna izan behar da, eta beraz beti erdaldunak egin behar ditu txostenak-eta, eta gero horretarako daude teknikariak eta itzultzaileak euskaraz jartzeko...

Estrategia hori disparate hutsa iruditzen zait hizkuntzaren garapenerako, besteak beste askotan askoz errazagoa delako lehendabiziko testua euskaraz egitea.

Hor badago ohitura txar bat eta zabarkeria bat gorengo mailatik konpontzen hasi behar litzatekeena.

Zeren kontu honi aurre egitea hizkuntza politika egiazko baten puntu nagusi bat bailitzateke.

Hortik aparte, Europako kultura ezin daiteke ulertu itzulpena gabe.

Europako kulturari itzulpena kendu, eta uharteak geratuko lirateke.

Gu itzulpenezko mundu horretan bizi izan gara, gure literatura klasikoaren zati handi bat itzulpena edo egokitzapena da, eta itzultze eta egokitze lan horretan trebatu zen euskara komunikazio tresna gisa, Leizarragaren, Axularren, Mogelen, Lardizabalen etabarren eskuetan.

Hor hizkuntzen arteko eragin normala dago, normala eta osasungarria.

Oraingoa da normala ez dena, orekarik ez dagoelako.

Kontaktoa euskararentzat itogarria gertatzen ari delako, itogarria eta hilgarria, ez lehen bezala osasungarria.

Eta hala izango da arazoari aurre egiteko neurriak pentsatzen ez direino.

Guk dei publiko bat egiten dugu itzulpenari euskararen bizitzan duen garrantzia aitor dakion.

Sinatzen al duzu zuk?

Zein baldintzatan?

Bai, izenpentzen dut, bai.

Eta zein baldintzatan?

Lehen esan duguna, mekanismo automatiko hori, morrontza dakarren hori, tartean ez baldin badago.

Hizkuntzaren autonomia gordetzen saiatzen zaren neurrian, eta itsu-itsuan bestearen morroi jartzen ez garen neurrian.

Eta berriro diot, nik uste literatura itzulpenetan dexente gorde izan dela azken bolada honetan hori.

Ez dut uste beste horrenbeste esan litekeenik nire esperientzian udaletan eta boletinetan-eta egiten diren zenbait gauzez.

Hiztegigilea zaren aldetik zer irizten diezu gaur egungo euskarazko itzulpenei oro har?

Zer ikasi beharko lukete gaurko itzultzaileek gure literatura klasikoko itzultzaileengandik?

Asko, eta batez ere esaldiaren oreka.

Gure artean, batzuengan behintzat, badago halako joera bat horrela pentsatzeko (...)